Talaia BHIn hainbat urte daramatzagu ingurumenarekiko errespetua bultzatzeko ekintzak burutzen. Agenda 21 programan parte hartu izan dugu eta aurten trantsizio urtean gaude, “Agenda 21”etik “Agenda 2030”erako bidean.

Agenda 2030 programa 2015ean Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabakien emaitza da eta garapen jasangarria bermatu ahal izateko mundu mailan askotariko ekintzak burutzeko dei unibertsala da, honakoak ardatz dituena:

  • Pobreziarekin bukatzea.
  • Planeta babestea.
  • Bakea.
  • Lankidetza.
  • Oparotasuna.

 

 Agenda 2030ek 17 helburu ditu oinarri, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) deritzenak:

 

Aurten Bidasoa eskualdean 15. GIHa lantzeko erabakia hartu da: “Lehorreko ekosistemetako bizitza”. Honen baitan, “Basoak” izan dira jomuga eta hainbat ekintza burutu ditugu inguruan ditugun basoak ezagutzeko eta hauek zaintzeak daukan garrantziaz jabetzeko.

  • “Basoak ernatzen” eta “Jaizkibel Ameztuz” programetan parte hartu dugu, Hondarribiko bertako baso naturalak berreskuratzen laguntzeko.
  • Basoen Astea antolatu dugu: Hondarribiko basozainen laguntzarekin zuhaitzak landatu ditugu ikastetxean, horma-irudi bat margotu dugu eta basoko maskota aukeratu dugu.
  • Kartelak egin ditugu basoen zainketaz kontzientziatzeko.

Baina basoen gaia ez ezik, beste hainbat ekintza ere burutu ditugu, ingurumenarekiko begirunea bultzatzen dutenak:

  • Ikastetxeak sortzen duen karbono dioxido aztarna kalkulatu dugu.
  • Baratza martxan jarri dugu eta uzta oparoa izan dugu.
  • Astean behin hondakin bilketa egin dugu eta organikoarekin konposta egiten hasi gara, ondoren baratzan ongarri moduan erabili ahal izateko.

“Eskolarteko Hazien Sarea”n izena eman dugu, Gipuzkoako beste ikastetxeekin haziak trukatzeko aukera emango diguna.