Amestutako Jaizkibel lortzeko Talaia BHI-ko ikasleek lehendabiziko urratsak eman dituzte Ameztu Jaizkibel proiektuaren barruan. Proiektuak martxan jarraitzen du aurrerapauso handiak emanez. Pasa den astelehenean, otsailak 25ean, Zientzia Aplikatuetako DBH 4.mailako ikasleek Ameztu Jaizkibel proiektuaren barruan kokatutako ekintza garrantzitsu bat burutu zuten.
Hondarribiko mendi kuttunean 70 ametz landatu zituzten, bertan oso ugariak izan beharko liratekeen amezti basoak berreskuratzen joateko helburuarekin. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiko Iker, Jesus eta Igor basozainen eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika saileko Anaïs biologaren laguntza eta aholkua izan zuten.
Esperientzia bikaina izan zen, eta ikasleek hala adierazi zuten amaitu ostean: errepikatzeko modukoa!"

